Euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
WAI A - WCAG 1.0
Azken eguneratzea: 2008/07/02
ETBri eskainitako elkarrizketa
Jaurlaritza urriaren 25eko kontsulta prestatzen ari dela iragarri du Lehendakariak
Datorren astean beharrezko aurrekontu ekonomikoa onartuko du Kontseiluak
Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak iragarri du Eusko Jaurlaritza urriaren 25erako herri galdeketa prestatzen ari dela eta, halaber, Kontseiluak datorren astean behar den aurrekontu ekonomikoa onartuko duela aurreratu du, ETBri eskainitako elkarrizketa batean.
Lehendakaria, ETB-2n egindako elkarrizketan.
Lehendakaria, ETB-2n egindako elkarrizketan.

Lehendakariak azaldu duenez, Jaurlaritzak informazio-kanpaina bat egitea eta "euskal etxe guztiei zuzentzea" erabaki du, "eztabaida politiko eta mediatikoaren gainetik", herritarrei kontsultaren bi galderak irakurtzeko eta euren irizpidea osatzeko asmoz.

Ibarretxek adierazi du bere gobernua ez dela auzitegien edo Espainiako Gobernuaren ustezko erabakiei aurre egiteko prestatzen, baizik eta "Legebiltzarraren beraren aginduengatik" herri galdeketa egiteko prestatzen ari da. "urriaren 25ean ez bada, urtarrilaren 25ean izango da, baina kontsulta egin, egingo da, aurki gainera, ni Lehendakaria naizela edo beste Lehendakari bat izanda".

Horretarako, Jaurlaritzak hurrengo astean onartuko du "herri galdeketa egiteko, mahaietan dauden pertsonak ordaintzeko eta, beraz, dagoeneko urriaren 25eko kontsulta abian jarri eta egiteko aurrekontua". Eta, helegitea heltzen denean, helduz gero, heldu egingo da, baina lehenago euskal autogobernua hausteko arrazoiak eman beharko dizkigute", esan du.

Bere ustez, Zapatero Presidenteari dagokio "orain aurpegia ematea" eta "zergatik helegite bat egiten den edo ez" azaltzea, baina "Eusko Jaurlaritzaren aginduaren aurkako" Zapateroren jarrerak "autogobernuaren erabateko urraketa bat" suposatuko lukeela azpimarratu du.

Hortaz, Lege Kontsultaren aurkako "inolako arrazoi juridiko, politiko, demokratikorik entzun ez duela errepikatu du; bestalde, "gezurrak eta irainak baino ez ditut entzun", esan du.

Ezker abertzalearen patentea

Lehendakariak EHAK-k kontsultaren alde boto bakarra ematea "pailazokeria"tzat jo du; izan ere, ez dakigu zehatz-mehatz zer bozkatu zuten", baina bere babesaren bidez, EHAK-k "ETAri pertsiana betiko itxi" behar duela esan dio.

"Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen atea ireki da". "Ezker abertzalearen zati bati hori ez zaio gustatuko, erabakitzeko eskubidearen patentea zeukatela uste baitzuten eta; PP edo PSE bezalako alderdiek ez dute atsegin izango, ez dutelako euskal herri baten existentziari buruz bere etorkizuna erabakitzeko eskubidearen inguruan entzun nahi, baina erabakitzeko eskubidea hemen geratzeko etorri da", adierazi du.

Hauteskundeak aurreratzea baztertu du, "nahiz eta batzuk dagoeneko, Patxi Lopez bezala, lasterketan hasi".

"Ez gaude kanpainaurrean. Kontsulta bat prestatzen ari gara ETAri betirako pertsiana itxi behar duela esateko eta alderdiei adierazteko 2010 arte dutela erabakitzeko eskubidearen inguruan akordio bat aurkezteko", errepikatu du.

Enpresariei estortsioa

Elkarrizketaren beste une batean, Lehendakariak "onartezinatzat" eta "injustiziatzat" jo du ETAren estortsioa pairatu duten enpresariei "gaizkiletzat" hartzea.

Lehendakariak bere aintzatespen adierazi dio Jesus Guibert atzo atxilotutako enpresariari eta "azken urteetan ETAren estortsioa eta indarkeria pairatu duten hainbat eta hainbat enpresariri; hala ere, horiek modernitate, aurrerapen eta ongizate maila paregabean jarri dute gure herria".

Berrikuntzaren transferentzia

Lehendakariaren hitzetan, Ikerketa eta Garapenaren (I+G) transferentzia ukatu izana, Cristina Garmendia Zientzia, Berrikuntza eta Teknologia ministroak egin duenez, "adarra jotzea da" eta "ezin dugu onartu". Gainera, ministroaren adierazpenak kritikatu ditu Innobasqueko kidea ohia izan delako, materia horren transferentzia eskatzen duen euskal agentziaren kide ohia, hain zuzen.

Otegiren askatasuna

Arnaldo Otegi espetxetik kanpo egoteak ezker abertzaleari "baimendutako" bozeramaileak eskaintzea "etorkizunari aurre egiteko" espero du Ibarretxek.

Euskal selekzioa

Lehendakariak errepikatu du bere selekzioa "Euskadikoa" dela, nahiz eta Espainiako selekzioari begirunea dion eta Eurokopa irabazteagatik zoriondu behar duen. Hori dela eta, euskal selekzioak nazioarteko txapelketetan parte hartzeko grina adierazi du, helegiteak aurkeztu ordez, Espainiako gobernuak egin duen bezala euskal erakundeek euskal taldeei emandako diru-laguntzen aurka. "Ezinezkoa da", amaitu du.