Datuak Babesteko Euskal Bulegoa - Agencia Vasca d

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Bulegoa
 

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabileraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa - gazteleraz

Datuak Babesteko Euskal Bulegoa


Araudia

Bulegoa arautzen duen oinarrizko araudia Eusko Legebiltzarraren otsailaren 25eko 2/2004 Legea da, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa, eta bereziki, Lege horren II. Titulua:

II. TITULUA. DATUAK BABESTEKO EUSKAL BULEGOA

10. artikulua.- Sorrera eta araubide juridikoa

1.- Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzen da. Zuzenbide publikoko entea izango da, nortasun juridiko propioa eta gaitasun publiko eta pribatu erabatekoa izango ditu, eta herri-administrazioekiko inongo loturarik gabe beteko ditu bere eginkizunak. Lege honetan eta bere estatutuan xedatutakoaren arabera jardungo du; estatutu hori Eusko Jaurlaritzaren dekretu baten bidez onartu beharko da, Lehendakariordetzak proposaturik.

2.- Administrazioaren ahalak gauzatu behar dituenean, Datuak Babesteko Euskal Bulegoak azaroaren 26ko 30/1992 Legea bete beharko du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea. Gainerako jardunean, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, lege hau eta lege horiek garatzeko xedapenak bete beharko ditu.

3.- Ondarerik eskuratzeko edo ezer kontratatzeko, indarrean dagoen zuzenbide publikoa bete beharko du Datuak Babesteko Euskal Bulegoak. Bulegoaren ondasun eta eskubideak Euskal Autonomia Erkidegoaren ondarekoak izango dira.

4.- Auzibidean jardun beharra badago, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko zerbitzu juridikoen ardura izango da Datuak Babesteko Euskal Bulegoa ordezkatzea eta defendatzea, arauetan xedaturik daukatenaren arabera.


11. artikulua.- Langileak

1.- Lege honetako 2.1 artikuluan aipaturik datozen herri-administrazioetako eta erakundeetako funtzionarioek eta propio kontrataturiko langileek beteko dituzte Datuak Babesteko Euskal Bulegoko lanpostuak, lanpostu bakoitzak dituen eginkizunen arabera. Beren lanean ezagutzen dituzten datu pertsonalak isilpean gorde beharko dituzte langile horiek, derrigor.

2.- Datuak Babesteko Euskal Bulegoko langileak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko funtzio publikoko arauen pean egongo dira. Arau horiekin bat, Datuak Babesteko Euskal Bulegoari dagokio lanpostuak eskuratzeko sistema erabakitzea, baldintzak eta hautaproben ezaugarriak zehaztea, bai eta lanpostuak betetzeko eta laneko sustapeneko prozeduretako deialdiak egitea eta prozedura horiek kudeatzea eta ebaztea ere.

3.- Ahal publikoak erabili beharra daukaten lanpostuak funtzionarioentzat gordeta egongo dira.


12. artikulua.- Baliabideak

Datuak Babesteko Euskal Bulegoak honako ondasun eta baliabide hauek izango ditu bere eginkizuna betetzeko:

  1.  Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan urtero izendatuko zaion diru-kopurua.

  2.  Ematen dizkioten diru-laguntzak eta egiten dizkioten ekarpenak.

  3.  Bere jardunak ematen dizkion diru-sarrerak, ohikoak nahiz ohiz kanpokoak.

  4.  Ondarekoak dituen ondasunak eta baloreak, eta haiek ematen dituzten produktu eta errentak.

  5.  Legez ematen dioten beste edozein ondasun edo baliabide.


13. artikulua.- Aurrekontua

Datuak Babesteko Euskal Bulegoak urtero-urtero aurrekontu-aurregitasmoa egin eta onartu beharko du. Gero, Eusko Jaurlaritzara bidali beharko du, han, behar bezain ondo bereizita, Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sar dezaten, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-sistema arautzen duten legeen arabera. Lege horiek bete beharko ditu bere aurrekontua aldatzeko, gauzatzeko eta kitatzeko araubideari dagokionez. Horretarako, kontuan hartu beharko du erakundearen izaera, kontabilitate publikoaren araubidea eta Autonomia Erkidegoko Administrazioko Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren ekonomia, finantza eta kudeaketa arloko kontrola; horrek denak ez du esan nahi ekonomia eta finantzetako eta kontularitzako jarduerak Herri Kontuen Euskal Epaitegiak kontrolatuko ez dizkionik.


14. artikulua.- Gobernu-organoak

Zuzendaria, Kontseilu Aholku-emailea eta bere estatutuan zehazturik dituenak dira Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren gobernu-organoak.


15. artikulua.- Zuzendaria

1.- Zuzendariak zuzentzen eta ordezkatzen du Datuak Babesteko Euskal Bulegoa. Eusko Jaurlaritzaren dekretu baten bidez izendatuko dute, lau urterako.

2.- Inolako loturarik gabe eta objektibotasunez beteko ditu bere zereginak, eta ez du inolako jarraibiderik bete beharrik izango. Baina Kontseilu Aholku-emaileak, bere zereginak betetzean, ezer proposatzen badio, zuzendariak entzun egin beharko dio.

3.- Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak kargua epea amaitu baino lehenago uztekotan, honako arrazoi hauetakoren batengatik utziko du:

  1. Berak eskaturik.

  2. Gobernu Kontseiluak kargutik kentzea erabakita, arrazoi hauetakoren bat dela eta: betebehar larriak bete ez dituelako, bere lana egin ezina etorri zaiolako, bateraezintasunen bat dela-eta edo dolozko delituren batengatik epaia jaso duelako. Halakoetan, espedientea egin beharko da aurretiaz, eta Kontseilu Aholku-emaileari entzun beharko zaio, derrigor, espediente horretan.

4.- Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendaria goi-kargua izango da, aurretik eginkizun publikoren bat betetzen bazuen zerbitzu berezietan geratuko da, eta Autonomia Erkidegoko administrazioko goi-karguen bateraezintasun-sistemaren pean egongo da.


16. artikulua.- Kontseilu Aholku-emailea

1.- Datuak Babesteko Euskal Bulegoak Kontseilu Aholku-emaile bat izango du, aholkuak emateko. Honako kide hauek izango ditu:

  1. Eusko Legebiltzarreko ordezkari bat, Legebiltzarrak berak izendaturik.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko ordezkari bat, Gobernu Kontseiluak izendaturik.

  3. Lurralde historikoen ordezkari bat, lurralde horiek batera izendaturik.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldeko toki-erakundeetako ordezkari bat, lurralde horretan erakunde horien ordezkaritza handiena duen elkarteak izendaturik.

  5. Bi aditu, bata informatikakoa eta bestea oinarrizko eskubideetakoa, Euskal Herriko Unibertsitateak izendaturik Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbide publikoko korporazioei galdetu ondoren.

2.- Kontseilu Aholku-emaileak berak onartuko ditu bere antolaketako eta funtzionamenduko arauak. Lehendakari- kargua eta idazkari-kargua egongo dira arau horietan aurreikusita, eta nola aukeratu edo izendatu behar diren ere bai.


17. artikulua.- Zereginak

1.- Lege honetako 2.1 artikuluan aipaturik datozen fitxategiak direla-eta, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aginpideen eremuan, hona hemen Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren eginkizunak:

  1. Datuak babesteko legeak bete daitezen zaintzea eta nola aplikatzen diren kontrolatzea, batez ere informaziorako eskubideari eta datuetara iristeko, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko eta datuak indarrik gabe uzteko eskubideari dagokienez.

  2. Lege eta erregelamenduetan zehazturik dauden baimenak ematea.

  3. Beharrezkoa bada, datuen tratamendua datuak babesteko indarrean dagoen legediko printzipioetara egokitzeko beharrezko jarraibideak ematea, beste erakunde batzuen aginpideei ezer kendu gabe.

  4. Tartean direnen eskariei eta erreklamazioei kasu egitea.

  5. Datu pertsonalak tratatzea dela-eta dituzten eskubideei buruzko informazioa ematea pertsonei.

  6. Tratamenduen erantzule eta arduradunei, esateko dutena entzun eta gero, datu-tratamendua indarrean dauden legeetara egokitzeko beharrezko neurriak hartzeko eskatzea, eta, beharrezkoa bada, ez badituzte lege horiek betetzen, tratamendua gelditzeko eta fitxategiak indarrik gabe uzteko agintzea, salbu datuen nazioarteko transferentziei buruzkoan.

  7. Zehatzeko ahalmena erabiltzea, eta, beharrezkoa izanez gero, bere iritziz lege honetako 22. artikuluan tipifikaturiko arau-hausteen erantzuleak direnen aurka diziplinazko prozedura hasteko proposatzea, eta hartu beharreko zuhurtziako neurriak hartzea, salbu datuen nazioarteko transferentziei buruzkoan. Hori guztia lege honetan zehazturik dagoen moduan.

  8. Lege hau garatzeko xedapen orokorretako egitasmoei buruzko txostenak egitea, derrigor.

  9. Bere lana egiteko beharrezkoa duen laguntza eta informazio guztia eskatzea fitxategien erantzuleei.

  10. Datu pertsonalen fitxategiak badirela gauza jakinekoa izan dadin zaintzea. Horretarako, urtero-urtero, fitxategi horien zerrenda bat argitaratuko du, beste hainbat informazio osagarrirekin. Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak erabakiko du zein informazio osagarri eman.

  11. Urteko txostena idatzi, eta Eusko Jaurlaritzako Lehendakariordetzara bidali.

  12. Funtzio estatistiko publikoari buruzko legeek estatistikako datuen bilketari buruz eta estatistikako isilpekotasunari buruz dakartzaten xedapenak bete daitezen zaintzea, beharrezko jarraibideak ematea, estatistikarako bakarrik sortutako fitxategien segurtasun-baldintzei buruzko irizpenak ematea eta 24. artikuluan aipaturiko ahalmena erabiltzea.

  13. Datu pertsonalen fitxategien segurtasuna eta herritarrek fitxategi horiei buruz dituzten eskubideak hobeto babeste aldera, Datuak Babesteko Estatuko Bulegoarekin eta beste autonomia-erkidego batzuetako antzeko erakundeekin lankidetzan aritzea hartarako beharrezkoak diren jarduera guztietan.

  14. Lege honetako 2.1 artikuluko herri-administrazioek, erakundeek eta korporazioek datu pertsonalen babesari buruz egiten dizkioten galderei erantzutea, eta lege honen aplikazioaren pean dauden datu pertsonalen tratamenduari buruz beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek egiten dizkioten galderei erantzutea.

  15. Lege eta erregelamenduetan emandako beste eginkizun oro.

2.- Aurreko zenbakian zehaztu diren eginkizunak direla-eta, Datuak Babesteko Euskal Bulegoa kontroleko agintetzat hartuko da, eta lan horretan erabateko independentzia eta objektibotasuna izango du, legeak bermaturik.


18. artikulua.- Datuak Babesteko Erregistroa

1.- Datuak Babesteko Erregistroa sortzen da. Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren barruan egongo da organo hori, bulegoaren estatutuetan zehazturiko moduan.

2.- Datuak Babesteko Erregistroan honako gauza hauek inskribatu beharko dira:

  1. Lege honetako 2.1 artikuluan zehazturiko fitxategiak.

  2. Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 lege organikoan zehazturiko baimenak.

  3. Inskribaturiko fitxategiei dagozkien ereduzko kodeak.

  4. Inskribaturiko fitxategiei buruzko datu hauek: informazio- eskubidea, datuetara iristeko eskubidea, datuak zuzentzeko eskubidea, datuak indarrik gabe uzteko eskubidea eta aurka egiteko eskubidea erabiltzeko behar direnak.

3.- Baten batek inskribatzeko eskatu, baina Datuak Babesteko Erregistroak uste badu eskabide hori ez dela zuzenbidearen araberakoa, ezezkoa erantzun dezake erregistroak. Halakoetan, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak eskari-egileari beharrezko zuzenketak egiteko eskatu beharko dio.

4.- Lege honetako 2.1 artikuluan aipatutako fitxategiak Datuak Babesteko Erregistroan nola inskribatu behar diren, inskripzioen edukia, nola aldatu, indarrik gabe nola utzi, ebazpenen aurkako erreklamazioak eta errekurtsoak nola aurkeztu eta halako gainerako gorabeherak erregelamendu bidez arautuko dira.

5.- Edonork kontsulta dezake, dohainik, Datuak Babesteko Erregistroa. Behar duen informazioa erregistro horretan eskatuz, edonork jakin dezake datu pertsonalik tratatzen ari ote diren, zertarako ari diren hori egiten eta nor den arduraduna.


19. artikulua.- Ikuskapen-ahalmena

1.- Datuak Babesteko Euskal Bulegoak, kontroleko agintea denez, bere esku izango du lege honetako 2.1 artikuluan aipaturik dauden fitxategiak ikuskatzea. Bere lana egiteko behar duen informazio guztia bilduko du halakoetan. Horretarako, nahi badu, agiriak erakusteko edo bidaltzeko eska dezake, eta dauden tokian aztertu, eta datuak tratatzeko erabilitako tresna fisikoak eta logikoak ere azter ditzake, instalaturik dauden lokaletara joanda.

2.- Aurreko zenbakian aipatzen den ikuskatze-lana egiten duten funtzionarioak aginte publikotzat joko dira lan horretan ari direla; eta beren zereginak betetzen dihardutenean jakiten dutena isilpean gorde beharko dute derrigor, baita lan hori utzi eta gero ere.


20. artikulua.- Fitxategien titularrei errekerimendua egitea

Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak ikusten badu lege honen aplikaziopean dagoen halako fitxategi bat mantendu eta erabiltzeko modua lege honen beraren aginduren baten edo legea garatzen duen xedapenen baten aurkakoa dela, fitxategiaren titularra den herri-administrazio, erakunde edo korporaziora jo ahal izango du, errekerimendu bidez, eta zer zuzendu adierazi ahal izango dio, eta halako epetan zuzentzeko adierazi, gainera, berariaz. Errekerimendua jaso duen administrazioak ez baldin badu eskaturikoa betetzen, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak administrazio horren ebazpen edo ezezko jarreraren aurkako errekurtsoa jarri ahal izango du, eta, halakoetan, interesduna izango da. Horrek ez du esan nahi lege honetako 17.f) artikuluaren arabera beste neurririk hartu ezin duenik.