Nola deklaratu
Datuak Babesteko Erregistroan inskribatu beharko dira, Eusko Legebiltzarraren otsailaren 25eko 2/2004 Legearen 18. artikuluan xedatutakoari jarraiki, ondokoak:
- Lege honetako 2.1. artikuluan zehazturiko fitxategiak.
- Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan zehazturiko baimenak.
- Inskribaturiko fitxategiei dagozkien ereduzko kodeak.
- Inskribaturiko fitxategiei buruzko datu hauek: informazio-eskubidea erabiltzeko, zein datuen aurka egiteko, datuetara iristeko, eta datuak zuzentzeko eta ezerezteko eskubideak erabiltzeko behar direnak.
Datu pertsonalen fitxategiei dagokienez, deklarazioa bat etorriko da Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak 2005eko uztailaren 21ean emandako Ebazpenean jasotzen denarekin. Ebazpen horrek Datuak Babesteko Euskal Bulegoko Datuak Babesteko Erregistroan fitxategiak sortzeko, aldatzeko edo ezabatzeko inskripzioa eskatzeko eredu normalizatuak eta bitartekoak ezartzen ditu.
Ebazpen horrek funtsean jasotzen duena da:
1. Ereduak eta euskarriak onartzea.
Onartu egiten dira 2/2004 Legeko 2.1. artikuluan aipatzen diren herri-administrazio, erakunde, korporazio eta ente publikoek zuzenbide publikoko ahalak gauzatzeko sortu edo kudeatzen dituzten datu pertsonalen fitxategien inskripzioa eskatzeko eredu normalizatuak, bai paper euskarrian, bai euskarri digitalean.
2. Ereduen edukia.
Ereduon osagaiak dira:
- inskripzioa egiteko eskabide-orria,
- fitxategiaren jakinarazpen-eredu bat.
Fitxategia sortzeko edo aldatzeko xedapenean edo akordioan jasotzen den informazioa jasoko da, bai eta datuen aurka egiteko, datuetara iristeko, eta datuak zuzentzeko eta ezerezteko eskubideak erabiltzeko beharrezkoa den informazio guztia ere.
3. Paper euskarriko ereduak lortzea eta izapidetzea.
- Inskripzioa egiteko eskabide-orriaren eredu normalizatuak, paper euskarrian, dohain lortu ahal izango dira Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren egoitzan, edo web gune honetatik behera kargatu ahal izango dira.
- Inskripzioa egiteko eskabide-orriaren eredu normalizatuak, behar bezala beteta eta sinatuta, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko Datuak Babesteko Erregistroan aurkeztu behar dira, edo, bestela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen, 38.4. artikuluan zehazten diren erregistro eta bulego publikoetako edozeinetan.
4. Euskarri digitaleko ereduak lortzea eta izapidetzea.
- Onartu egiten da datu pertsonalen fitxategien inskripzioa egiteko eskabide-orriaren euskarri digitaleko ereduen diseinu normalizatua. Teknikaren aldetik diseinu horri buruzko jakin-mina duten administrazioek zuzenean eskatu beharko diote Datuak Babesteko Euskal Bulegoari.
- Datuak Babesteko Euskal Bulegoak inskripzioa egiteko eskabide-orriak sortzeko programa informatiko bat emango du; programa web gune honetatik behera kargatu ahal izango da.
- Programa horrekin inskripziorako dokumentazioa jasoko duen fitxategia sortu ahal izango da, arestian aipatu den formatu normalizatuaren arabera. Programa aukera ematen du sortu den fitxategia Bulegora bidaltzeko, bai zuzenean, Internet bidez, bai euskarri digital baten bidez (disketea).
- Kasu batean zein bestean, bete eta sinatu egin behar da programak sortzen duen inskripzioa egiteko eskabide-orria. Orri hori Datuak Babesteko Euskal Bulegoko Datuak Babesteko Erregistroan aurkeztu behar da, edo, bestela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen, 38.4. artikuluan zehazten diren erregistro eta bulego publikoetako edozeinetan.
5. Eguneratzea.
- Aurrerapen teknologikoak, aldaketa formalak eta beste aldaketa osagarri batzuk direla-eta deklaratzeko modua eguneratu behar balitz, eguneratzeok Bulegoaren web gunearen bidez egingo lirateke.
6. Sinadura elektronikoa.
- Kasu bakoitzean erantzule den erakunde, organo, korporazio, ente edo organismoak sinadura elektroniko aurreratua erabil badezake, inskripzioa egiteko eskabide-orria Internet bidez bidali ahal izango da.
7. Akatsak zuzentzea eta dokumentazioa osagarria aurkeztea.
- Inskripzioa egiteko eskabide-orrian edo fitxategien jakinarazpen-ereduaren orrietan -paper euskarrian edo digitalean- akatsak edo hutsuneak baleude eta horien ondorioz ezingo balira izapidetu, edo ez baletoz bat ebazpen honetan zehazten den diseinuarekin eta gainerako espezifikazioekin, hamar eguneko epean horiek guztiak konpon ditzala eskatuko zaio eskatzaileari.
- Berdin egingo da jakinarazpen-eredua Internet bidez jasotzen bada, baina ez bada jasotzen inskripzioa egiteko eskabide-orria aurreko paragrafoan ezarritakoarekin bat.
- Epe hori igaro ondoren, akatsak edo hutsuneak konpondu ez badira, eskatzaileak eskaeran atzera egin duela ulertuko da.
|