Datuak Babesteko Erregistroa Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren barruan dagoen organoa da; organo hori sortzea berariaz dago aurreikusita Eusko Legebiltzarraren otsailaren 25eko 2/2004 Legearen 18.artikuluan; Lege hori Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa da. Erregistroaren antolamendua eta funtzionamendua Bulegoaren berariazko estatutu batean garatuko dira.
Helburua
Bulegoak duen Datuak Babesteko Erregistroan 2/2004 Legeak (2.1. artikulua) afektatutako fitxategi guztiak inskribatu behar dira, bai eta Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoan zehazturiko baimenak eta inskribaturiko fitxategiei dagozkien ereduzko kodeak ere. Halaber, Bulegoaren Datuak Babesteko Erregistroan jasoko dira inskribaturiko fitxategiei buruzko datu hauek: informazio-eskubidea erabiltzeko, zein datuen aurka egiteko, datuetara iristeko, eta datuak zuzentzeko eta ezerezteko eskubideak erabiltzeko behar direnak.
Datuak Babesteko Erregistroa da Bulegoak bere eginkizunetako bat betetzeko duen tresna nagusia, hain zuzen, datu pertsonalen fitxategiak badirela gauza jakinekoa izan dadin zaintzeko. Hori betetzeko, Erregistroa bera kontsultatu ahal izango da: hala nahi duten herritarrei fitxategiak eta datu pertsonalak, horien helburua eta tratamenduaren erantzulearen nortasuna ezagutu ahal izatea erraztuko zaie.
Erregistratzeko prozedura
Bulegoak duen Datuak Babesteko Erregistroak prozedura bat izan behar du, eta horren bidez onartuko dira (edo, hala badagokio, ukatu) eskatu diren inskripzioak.
Egiteke dagoen erregelamendu bidezko garapenean jasoko dira bai inskripzioen edukia, bai horiek aldatu eta ezerezteko mekanismoak, bai erreklamazioen izapidetzea, bai eta dagozkion ebazpenen aurkako errekurtsoak jartzeko modua ere.