Datuak Babesteko Euskal Bulegoa

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 

Azken eguneratzea: 2012/01/28

Datu Babesaren Europako Eguna

Datuak Babesteko Euskal Bulegoak eta Hezkuntza Sailak pribatutasuna babesteko proposatu nahi diete irakasleei, ikasleei eta familiei

Datuak Babesteko Euskal Bulegoa. Prentsa-oharra

Datuak Babesteko Euskal Bulegoak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin lankidetzan, hezkuntza gida bat jarri du irakasleen eta ikasleen eskura, sare sozialetan, Interneten eta telekomunikazioen esparruan datu pertsonalak babestu beharraz eta pribatutasunaren beharraz sentsibilizatzeko.

Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendaria den Iñaki Vicuñaren esanetan "Gida honek hiru mugimendutan azaltzen du nola erregistratu, sartu eta baja eman sareetan, gure gazteek sarean egunero egiten dutena". Benetan gertatutako hainbat adibideren bidez, gaizki hartutako erabakien —argazkiak eta datu desegokiak igo— ondorioen berri ematen du gidak, eta erabaki seguruak hartzeko jarraibideak ere ematen ditu, sarean uzten dugun aztarna guk nahi duguna izan dadin. Ezin dugu ahaztu bizitzan, doinurik zoragarrienetan gertatu ohi bezala, isiluneak direla harmonia erdiesteko gakoa.

Iñaki Vicuñaren iritziz, “hainbat funtsezko jarraibide eta gomendio ematen dira, eta gure web gunetik (www.avpd.es) jaitsi daitezke, sareko edo Interneteko edozein gunetan erregistratu, sartu edo baja eman nahi duen edonork erabiltzeko, baina pribatutasuna babestuz eta datuak kontrolatuz egin dezaten, batez ere gazteenek".

Hezkuntza baliabide honetako lau unitate didaktikoak oso gertuko hizkera arruntean idatzita daude, eta bertan azaltzen da zer diren pribatutasuna eta datu babesa, zein diren erabiltzaileen eskubideak eta erantzukizunak, nola prozesatzen diren datu pertsonalak, eta adostasuna adierazi ahal izateko adinarekin lotutako argibideak emateaz gain, nerabeek sarean agertzen dituzten jarrerak ere azaltzen ditu; azkenik, esparru honetako legedia eta jurisprudentziaren berri ematen du.

Datu babesaren kontzeptua oso lotuta dago Bigarren Mundu Gerraren ostean agertu zen pribatutasunerako eskubidearekin. Harrezkero, aurrerapen teknologiko handiak gertatu dira eta badirudi datu pertsonalen prozesamenduak ez duela mugarik.

Hainbat adibide praktiko

Baliabideko unitateek hainbat ariketa praktiko bitxi proposatzen dizkie ikasleei gelan egiteko. Adibidez, errezela bat jartzea gelaren erdian eta bi gazteren arteko elkarrizketa bat entzutea, gero irakaslearen gidaritzapean, denen artean eztabaidatzeko ea zer iruditzen zaien beste batzuen datu pribatuak jakitea, eta ea nola erabil daitezkeen gero datu horiek. Ospeari buruzko, etxeko bizitzari buruzko edo Monakoko Karolina printzesari paparazziekin gertatutakoa bezalako kasu praktikoak aurkezten dira adibide moduan eta eztabaidagai ikasleentzat.

Zentzu horretan, DBEBren zuzendariak elkarrekin lan egiteko gomendatzen die irakasleei, gazteei eta familiei "bizitza birtualean ere benetako bizitzan izan nahi dugun segurtasun beraz ibil gaitezen. Gida hau hezkuntza baliabide bat da, eta, eskubideak eta erantzukizunak landuz, gazteek herritartasun aktiboaren ikuspegiaz jabetzea du helburu”.

Iñaki Vicuñak azpimarratu du “gazteek ondo ezagutu behar dutela non dabiltzan Interneten eta sare sozialetan dabiltzanean. Irakasleek eta familiek jakin egin behar dugu printzipioak eta balioak erakusten, nahiz eta askotan ingurunea ez ezagutu. Gida honek horretan lagundu nahi du”.

Datu Babesaren Europako Egunarekin bat eginez, DBEBk pribatutasunaren eskubidearen zabalkundea egin nahi du.

Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren eta Irlandako Datuak Babesteko Agintaritzaren Bulegoaren arteko lankidetza harremana dago gida honen jatorrian. Gida gure egoerara egokituta dago, eta Estatuko gainontzeko datuak babesteko agintaritzek hartu dute parte egokitzapen proiektuan.

Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariarekin batera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua den María Antonia Oscarizek hartu du parte aurkezpenean.

  • (Komunikabideren batek elkarrizketa bat eskatu nahi badio Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariari, telefono honetara jo dezake: 945 01 62 30).